Euskarazko hitzak azaleratuz

Gaurko Hitza blogaren bosgarren urteurrena ospatzeko, gorputzeko edozein ataletan hitz bat idatzi eta Twitter bidez partekatzea proposatu du Maite Goñi sortzaileak.

 

AINHITZE RUIZ

Ezkerretik eskuinera, eta goitik behera: aireaneskuzabalamets,mususorgin orratza eta pa! / – /

 

Maite Goñi Mondragon Unibertsitateko eta Ordiziako Jakintza ikastolako irakasleak sortutako Gaurko Hitza blogak, 5 urte bete ditu gaur. Egunero euskarazko hitz bat aukeratzen du Goñik bere blogean ezartzeko. Hitzak ikusi, topatu, jaso, mailegatu eta ezagutarazten ditu egunero, eta dagoeneko 1.825 hitz inguru jarri ditu bost urte hauetan.

Gorputzaren edozein ataletan hitz bat idatzi eta argazkia Twitter bidez (#gaurkohitza5) bidaltzea proposatu du Goñik urteurrena ospatzeko. Hainbat Irakurlek bat egin dute Goñiren proposamenarekin, eta ehun hitzetik gora jaso ditu gorputzean idatziak:kliskatueskuzabalmaitatuikusezin,bizarra… Oso argazki originalak jaso ditu, gainera.

Goñik berak aukeratutako edo jendeak proposatutako hitz baten azalpenak eta erabilerak ematen ditu egunero. Horrez gain, hitz hori beste hizkuntzetan nola esaten den eta hitzaren sinonimoak ere ematen ditu, irudiekin lagunduta. «Duela hilabete batzuk, audioa ere sartzen hasi nintzen», azaldu du Goñik.

 

Asteburuetan gauza berriak egiten ditu blogean. Alde batetik euskal abesateratako hitzak jarri izan ditu blogean, eta gero abestia ere jarri izan du hutsuneekin, jolas moduan hutsune horiek betetzeko. Orain larunbatetan, urteurrenean bidalitako bideoak txertatzen ditu. Igandeetan, berriz, eguneko hitza bideoan grabatzen du, eta bideo hori plazaratzen du: «Beti gustatu izan zait asteburuetan zerbait berezia egitea».

 

Blogaren bidez, euskarazko hitzak sare sozialetan mugitzea lortzen ari da. Goñiren esanetan, komunitate bat sortzen da, eta hitzaren inguruan elkarrizketa bat izaten da. Zenbait jarraitzailek egunero zabaltzen dituzte hitzak leku batean eta bestean, eta pixkanaka hitz hori sare sozialetan zabalduz joaten da.

Euskaraz ikasten edo irakasten ari direnentzat ere baliagarria izan daiteke. Euskaltegietan ere erabiltzen baitute Goñiren bloga: «Helburua ez da euskaraz hitz egiten erakustea, hiztegia aberasteko eta dauden aldaerez kontziente izateko balio du gehiago. Hitz berriak ikasteko modu bat izan daiteke».

Etorkizunera begira bloga garatzen jarraitzea gustatuko litzaioke Goñiri: «Beste hizkuntzetan ere badaude horrelako gauzak, eta beti begira egoten naiz ea zerbait berezirik egiten ote duten».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*