Euskarazko lehen filmaren kopia bat aurkitu dute, 1956an zazpi lurraldeetan Andre Madre jeneralak filmatutakoa

Gure Sor Lekua du izena, eta Parisen aurkitu dute. Audiorik ez du kopiak, baina lekukoekin eta garaiko prentsarekin egiaztatu dute euskaraz filmatu zela. Audioa aurkitzeko laguntza eskatu dute.

Gure Sor Lekua filmaren kopia EHUko ikerlari den Josu Martinezek aurkitu du, bere doktorego tesia egiteko ikertzen ari zela. Urtetan galdutzat eman zen, baina orain kopia bat Parisko etxe partikular batean agertu da. “Orain arte oso gutxi aipatua izan da filmografian”, esan du Martinezek. Azaldu dute ezezaguna zela, eta egindako aipamen urrietan ez zela esaten euskarazkoa zenik. Orain, ordea, aurkitutako kopian audiorik ez dagoen arren, filma estrenatu zenean ikusi zutenek egiaztatu ahal izan dute euskarazkoa zela. Garaiko prentsaren bitartez ere egiaztatu dute.

Gotzon Elortzak 1959tik 1962ra bitartean filmatu zituen lau dokumentalak izan ziren orain arteko film zaharrenak. Gure Sor Lekua, ordea, 1956koa da. Urte horretan estreinatu zuten Hazparnen (Lapurdi), hangoa baitzen zuzendaria: Andre Madre jenerala. Jean Elizalde Zerbitzari apaiz eta euskaltzalearenak dira filmeko hitzak.

Ordu eta erdiko filma da, eta honen helburua diasporan zabaltzea zen, gaurko agerraldian azaldu dutenez, diasporako euskaldunen herrimina arintzeko asmoz. Film honek sorlekua erakustea zuen helburu, eta koloreduna da. Madreren film bakarra izan zen. Ikerketa daraman EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko NOR taldean jakin badakite heldu zela diasporara, baina nola eta nora heldu zen aurrerago jakinaraziko dute. Kopiaren berri eman nahi izan dute norbaitek filma ikusi eta audioa aurkitzen lagunduko dielakoan-

Filmaren bertsio labur bat Hazparnen emango dute berriro abenduaren 20an, Zinegim euskarazko zinemaren jaialdian eta audiorik ez duenez, Joserra Senperenak espreski sortutako musika izango du lagungarri.

Hemen ikusi dezakezue Hamaika telebistak eman duen notizia: http://www.youtube.com/watch?v=hIzBWm0I41Y

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*