Zenbat balio du Nobel Saria euskaraz irakurtzeak?

Azaroaren 15ean aurkeztu zuten Mo Yanen Hori da umorea, maisu! ipuin bilduma, iaz Nobel Saria jaso zuen idazle txinatarra lehenengo aldiz dugu euskaraz. Arrasateko AED Elkartearen Jokin Zaitegi bekari esker itzuli da Nobelduna 2002tik hona urtero egin den moduan. Baina aurten Nobel Truk egitasmoa martxan jarri du euskaltzaleen elkarteak beka finantzatzeko laguntza eske.

 

Orain arte Kutxa Fundazioak jarri izan du diru kopuru handiena, baina 2012ko abenduan Kutxak finantziazio hori bertan behera uztea erabaki zuen. Zenbatekoa urtero aldatu da, liburu motak zerikusia duelako, aurten, Mo Yanen ipuin bilduma itzultzeko, adibidez, 4.500 euroko saria zegoen aurreikusia itzultzaileentzat. 2011ko Nobel saridun Tomas Tranströmer itzultzeko 5.000 eta Orhan Pamuken Elurra itzultzeko 9.000 euroko saria.

 

 

 

“Euskara hizkuntza indartsuagoa izan dadin” Lapueblara joateko deia egin dute

2014ko Araba Euskaraz, ekainaren 15ean ospatuko da Lapuebla de Labarcan (Araba). Assa ikastolak antolatuko du jaia, eta eskualdean euskara indartzea du helburu.

Jaialdiaren bidez arabarren artean euskara sustatzea da beraien helburu nagusia, Ikastolako zuzendari Adela Txabarrik adierazi duenez eta horrekin batera ikastolan euskararen alde egiten diren zenbait jarduera ezagutaraztea. Bestalde, Lapueblan euskara gogoan dutela nabarmendu du: “Errioxarekin mugan egon arren, euskara ez dugu ahaztua”.

Jaialdian bildutako dirua ikastola berritzeko erabiliko dute; “egoera larrian” daudela adierazi  baitu zuzendariak: “27 urte ditu zentroak, eta egoera txarrean dago. Assa berritzen dugunean, eskualde osoari erantzutea da gure helburua”.
Txabarrik Araba Euskaraz-era biltzeko deia eta jardueretan parte hartzeko gonbita egin die guztiei: “Guztion laguntzarekin euskara hizkuntza indartsuagoa izan dadin”.

Ika Mizka ekimena Eibarko Industri Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan

 

Helburu nagusia da gazteen artean euskararen beharraren inguruko kontzientziazioa piztea eta erabilera sustatzea 

Osteguna, azaroaren 14an, 10.00etatik aurrera, Eibarko UPV/EHUko Industri eta Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan, ‘Ika Mizka. Eta hik nola bizi dunk euskara?’ ekimenaren bigarren edizioa burutuko da. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gaztezulok, UPV/EHUk eta Mondragon Unibertsitateak antolatu dute elkarlanean, gazteen artean euskararen beharraren inguruko kontzientziazioa pizteko eta erabilera sustatzeko.

Iaz bezala, Ika Mizka proiektuak hainbat alorretako aurpegi ezagunak eta gazteak bilduko ditu mahaiaren bueltan, euskaraz eta euskara bizitzeko moduez hitz egin eta eztabaidatzeko. Izan ere, saio bakoitzak ordu eta laurdeneko bi txanda izango ditu. Lehendabizikoa 10:00etan hasiko da, eta bigarrena 11:35ean. Hamar bat mahai (izena ematen duen gazte kopuruaren arabera) modu zirkularrean jarriko dira, eta mahai bakoitzean bi aurpegi ezagun eta beste bost gazte bilduko dira. Zizka-mizkak ere izango dira. Bertsolaritza, musika, literatura, kazetaritza, zinema nahiz kirol munduko hainbat profesionalen hausnarketak eta galderak batuko dituen bideo labur ‘gai-jartzaileak’ proiektatuko dira eztabaidaren abiapuntu gisara. Bestalde, gazteak mahaiz aldatzea ahalbidetuko dugu jende ezberdinarekin hitz egiteko aukera eduki dezaten.

Gazteekin arituko dira hizketan, besteak beste, ondorengo aurpegi ezagunak:

Jasone Osoro, idazlea

Iker Bastida, Lauroba taldeko abeslaria

Ilenia Ballietto y Eneko Sagardoy, Goenkaleko aktoreak

Jurdan Ezenarro, 101 Gaztelu saioko lehiakidea

Ametx Txurruka, txrrindularia

Ion Esnaola y Javi Rodil, Ze Esatek! musika taldeko kideak

Alex Txikon, mendizalea

Jon Andueza, idazlea eta aktorea

ETXEPARE INSTITUTUAK EUSKAL ARTISTEKIN HARREMANETAN JARTZEKO AUKERA EMANGO DIE MUNDU OSOKO EUSKARA IKASLEEI

image_gallery

Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzanet proiektuak euskal kulturen zabalkuntzarako ekintza berri bat jarri dute martxan. Proiektu honen bitartez mundu osoko unibertsitateetan zehar euskara eta euskal kulturaren ikasleek euskal sortzaileekin harremanetan jartzeko aukera izango dute.

Aizpea Goenagak, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak, ekimen honen helburu nagusiak adierazi ditu adierazpen baten bitartez: munduko 34 unibertsitatetan instituzioaren  eskaintza aberastea eta euskal kulturaren zabalkuntzan beste aurrera pausu bat ematea.

Proposamen honen bitartez, euskal kulturaren sustatzaile eta artista ugari, interneten bidezko saioetan, gai zehatzez solastuko direla aditzera eman du. Projektua Mintzanet euskarriaren bitartez burutu egingo da.

Sesioak gauzatzeko funtzionamenduaren berri ere eman du Goenagak. Partehartzaileek euskal kulturako esparru anitzetako eragile eta artistekin saio hezigarriak eskatzeko aukera izango dute. Ondoren, Etxepare institutuak bitartekari lanak gauzatuko ditu hitzorduak hitzartuz.

Beste baterako utzi dute Osakidetza euskalduntzeko planari buruzko eztabaida

Bilduk Osakidetza euskalduntzeko aurkeztutako plana eztabaidatu behar zuten gaur Eusko Legebiltzarrean, baina azkenean bertan behera utzi dute.

EH Bildu taldeak ekarpenak egin nahi izan dizkio Osakidetza euskalduntzeko II.planaren zirriborroari, eta Eusko Legebiltzarrera eraman nahi izan dute, baina gai ordenean aldaketak izan direnez, beste egun baterako lagatzea erabaki dute. Bilduk eztabaida honekin planak izan beharko lituzkeen lehentasunei buruzko eztabaida abiaraztea nahi du. Agiriak garrantzi handia du osasun arloa euskalduntzeko bidean, 2019ra bitarteko lan ildoak zehaztuko baititu.

Milaka pertsona atera dira kalera Valentzian “canal 9” telebista kanalaren itxieraren kontra

Milaka pertsona manifestatu dira larunbat honetan Valentzian, duela egun batzuk Generalitateak RTVV (Radio Televisión Valenciana) isteko hartutako erabakiaren aurka. Bertan, kanal hau beharrezkoa dela baieztatu dute manifestalariek, eta Conselleko buru den Alberto Fabrari hartutako erabakia atzera botatzeko eskatu diote.

‘FABRA DIMISIÓN’

Manifestazioa, RTVVko enpresa komiteak deitua, eta 160 entitate sozialek babestua, 18.00tan atera da San Agustin plazatik, txalokada handi batekin, eta “Fabra dimisión” ohiuak entzuten zirelarik. Manifestatzaileek pankarta asko eramaten zituzten, eta hauetako batzuetan halako mezuak irakurtzen ziren: ‘La información es un derecho, el aeropuerto sin aviones no’, ‘RTVV no es del PP‘, ‘Esto es un golpe de Estado’ eta ‘No callaran la veu d’un poble’, beste batzuen artean.

Baina Valentziakoa manifestazio handiena izan den arren, Alikanten eta Castellonen era milaka pertsona batu dira ere erabaki honen aurka.

http://www.elperiodico.com/es/noticias/tele/manifestaciones-valencia-castellon-alicante-contra-cierre-canal-2822351

 

Frantziak dio ezin duela berretsi Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna

Hala adierazi du Aurelie Filippettti Frantziako Kultura eta Komunikazio ministroak.

Aurelie Filippettti Frantziako Kultura eta Komunikazio ministroak jakinarazi duenez Frantziako Gobernuaren iritziz ezinezkoa da Europako Hizkuntza Gutxituen ituna berreste, konstituzioko 1 eta 2 artikuluekin talka eginen lukeelako.

Eskualdeetako hizkuntzen egoera gobernuaren “kezka” dela dio ministroak, gogoratuz adituen batzorde bat ezarri zuela plantan. Joan den uztailaren 15ean eskuratu zituen batzorde horren aholkuak.

Estatu Kontseiluaren “muturreko jakobinismoa” salatuz, diputatu berdeek hizkuntza gutxituen aldeko lege proposamena sartu dute Frantziako Parlamentuan.

… baina erdaraz bizi naiz

campus albistea13Ekaineko EHUren Campusa aldizkarian, 82. alean hain justu, Kike Amonarrizek idatzitako artikuluan euskara beharrean gaztelania erabiltzearen aukeraketan eragina duten faktoreen inguruko hausnarketa egiten du. Hartarako azkenaldian bere inguruan izandako jendeari galdetu egin dio gaiari buruz. Jasotako erantzunek gaiari buruz egindako ikerketen emaitzekin bat datoztela adierazten du eta euskara erabiltzeko gehien errepikatzen diren eragozpenak aipatzen ditu.

 

Ondoren, testuan aipatutzen diren oztopoak( erdara erabiltzeko ohitura, ingurunearen eragina, gutxiestua izateko beldurra, etab.) “hizkuntza minorizatuen hiztunen ohiko patologiatzat” jo eta horrelako arazoak gainditzeko zenbait oinarrizko estrategia proposatzen ditu.

 

Hona hemen Campus aldizkariko 82. alearen bertsio digitalaren esteka. Aipatutako artikulua 37. orrialdean agertzen da :

http://issuu.com/upv-ehu/docs/campusa_82_2c987d9fd733d8

 

 

’EUSKARA JENDEA’: GURE HIZKUNTZAREN HISTORIA, DOKUMENTAL-SORTA BATEAN

Ibaizabal Mendebalde eta Zenbat gara elkarteak ETB1en hasi berria den ”Euskara jendea” dokumental sorta ekoiztu dute euskararen eta euskal hiztunen komunitatearen historia erakusteko. Dokumental honen grabazio prozesuan, euskararen historiarako aurkikuntza arkeologiko garrantzitsua egin dute, Erromatar Inperioaren garaiko Caius Mocconious Verusen (Mocconio Vero) hilobi-inskripzioa. Horretan, baskoien eta barduliarren 24 hiriren errolda egin zutela ikusi daiteke.

Erroman aspaldi aurkitutako hilobi-inskripzioa izan arren, Pariseko Louvre museoan zegoela jakin eta haren bila hasi ziren arduradunak, eta azkenean Saint Deniseko biltegian topatu zuten.

Albiste osoa irakurtzeko: http://www.eitb.com/eu/albisteak/gizartea/osoa/1360526/euskara-jendea-dokumentala–euskal-hiztunen-komunitatearen-historia/

«Euskarari ofizialtasuna eman ezean, hizkuntza politika seriorik ez da»

2013-11-03

UR APALATEGI. UNIBERTSITATEKO IRAKASLE TITULARRA

Euskal ikasketak ur tanta txiki bat dira unibertsitateen itsaso zabalean. Alta, bete-betean eragiten diete unibertsitatean gertatzen ari diren aldaketa sakonek. Haien berri eman du Ur Apalategik.

 

Ipar Euskal Herriko euskal ikasketen saila unibertsitateen arteko ikasketen sail bat da. Bost tituludun daude horietan, postu bat irabazi dutelarik: lau ikerlari-irakasle daude, bi Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatekoak (PAU), eta bi Bordele-3 unibertsitatekoak. Azkena PRCE bat da, bigarren mailako irakasle bat, unibertsitateari hunkitua, Argia Oltzomendi. Formakuntzetan bertze hainbat irakaslek parte hartzen dute, orduka ordainduak, gai zehatzen inguruan, izan daitezen bigarren mailakoak, ikerlariak, CNRSkoak edo Hego Euskal Herritik gai batzuen inguruan eskolak ematera heldutakoak. Euskal ikasketei buruzko ikuspegi zabala eskaini dio BERRIAri Ur Apalategi PAUko unibertsitateko irakasle titularrak.

Hamabost ikasle inguru daude lehen urtean, bigarrenean bertze dozena bat, hirugarren urtean bezala. Bi master daude. Ikerketa sailean, hogei ikasle, bi urtetan banaturik. Gehitu behar zaio doktoregaien saila, hogei bat ikasle inguru gehiago. Azken horiek Iker taldean eman dute izena. Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea Iker taldean ere badago, Bordele 3 unibertsitatea bezala.

Egitura ulertzea lan zaila dela aitortu du Apalategik, eta zehaztu du erreformaren ondorioz master Meef deritzona sortu dela. CAPESera formatzen duen masterra da. Sei ikasle ditu orain, bi urtetan banaturik. Master Meef horretan formatzen dira CAPES eta CAFEP lehiaketak pasatuko dituztenak —publikoan edo pribatuan irakasle izan nahi dutenak, alegia—. Baina bigarren mailako irakasleak izateko. «Master ikasketan, nahiz eta paradoxa izan eta erabat irrazionala, logikarik gabekoa, Seaskan lehen mailan irakasle izan nahi duten irakasleak formatzen ditugu. Akordio bat dugu, oso interesgarria eta probetxugarria, bai guretzat eta bai Seaskarentzat», dio Apalategik. Seaskak bere barne formakuntza sistema dauka. Irakasleek master unibertsitarioa ukan dezaten behar du. Horretarako, hitzarmen bat egin zuten, eta PAUk formakuntza eskaintzen dio master ikerketaren ikasketen barruan.

Bestalde, master ikerketa horretan badaude ikerketak egiten dituzten ikasleak, bertzerik gabe. Azkenik, badaude ere lehen mailako irakasle izan nahi dutenak publikoan, hots, CRPE lehiaketa pasatu nahi dutenak. Paueko Master Meefean eman dute izena, eta astean behin edo birritan daude Baionan. PAUk zerbitzua ematen dio lehen mailakoari, eta osoki zuzentzen du bigarren mailakoa. Lehen mailak haututzat du euskarazkoa. Pauek zuzentzen du, alegia, Bordele 4 zenak, lehengo IUFMk. Apalategik zehaztu du Bordeleko Unibertsitate Berriaren egituran dagoela eta Bordele-3 eta PAU egitura horretatik kanpo daudela.

«Horiek, nola euskarazko irakasle izanen diren publikoan, modulu bat dute euskaraz, guk ematen dieguna Baionan. Hor ez dugu deus arautzen, eta pena da, arazoa begi bistakoa delako». Lehiaketa horretan, gaur egituratuta dagoen bezala, ez da bermatzen, inondik inora ere, aterako diren irakasleek euskara maila egokia izango dutela. Ezin da bermatu. Euskara modulua arras txikia da. Edozein sailetik etor daitezke, psikologiatik, historiatik edo dena delakotik. «Euskara mailari dagokionez, arazoak egon daitezke, alfabetizazio eskasa… Modulu bat izatea masterrean ez baita nahikoa».

Arazoa, egituran

«Ofizialtasuna da arazoa, euskararen ofizialtasun eza. Hori da euskara maila oztopatzen duen elementu nagusia. Euskara ofiziala izanik, inposatzen duzu ikasleek ukan behar duten euskara maila. Ofizialtasunik ez dagoen heinean, egiten dena kosmetika da. Makillatzen dute errealitatea, ustezko hizkuntza politika aldarrikatuz. Ez da hizkuntza politika seriorik euskarari ofizialtasuna eman gabe. Arazoa hor dago, eta politikoa da».

Berrikitan, eskola publikoetako bigarren mailan, irakasle postuak lortzeko arazoak izanen direla onartu zuen Paueko akademia ikuskariak. Irakasleen formakuntzaz arduratzen denez, harriduraz hartu du mezua Apalategik. Urteak joan eta urteak jin, sekula ez dira hautagairik gabe gelditu irakasle postuak. Postuak, berriz, ez dira kopuruan emendatzen, urtean postu bat sail publikoarentzat eta bertze bat pribatuarentzat. «Behar badituzte irakasle gehiago bigarren mailan, postu gehiago eskain ditzatela, haien esku dago».

Norabidea kezka

Unibertsitatearen egitura aldatzen ari da, eta aldaketa horrek unibertsitatearen izaera deuseztatuko ote duen kezkaturik da Apalategi, PAUko zein Bordele-3 unibertsitateko irakasleak diren bezala. «Hau ez da Baionako afera, Frantzian eta munduan gertatzen ari den gatazka baizik. Funtsean, unibertsitatearen aurpegia eta etorkizuneko izaera orain erabakitzen ari dira ondoko hamarkadetarako, eta mundu osoan». Bilakaera kezkagarria dela dio, «neoliberala». Irakaskuntzaren izaera demokratikoa dagoela jokoan. Logika batean kokatzen da Bordeleko Unibertsitate berria, eta bertzean Bordele-3 eta PAU. Azken egitura horretan egonik, erosoago sentitzen dira euskal ikasketetako irakasleak. Jean Haritxelar euskaltzainburu zenak bultzatu zituen euskal ikasketak hatsarrean, Bordeleko egituratik. Lan hari segida oparoa eman diote geroztik, bai Paueko bai Baionako egituretatik.

Frantziako Gobernuaren erreformak unibertsitateen «autonomia» bultzatuko du, izen horrekin ahalak mugatu eta egitura zentralizatuen meneko jarriko dituen arren. «Paradoxa da. Argi dago unibertsitatearen autonomia bultzatzen duen erreforma unibertsitatearen aurkako erreforma bat dela. Izan dadin [Nicolas] Sarkozyren gobernua edo [François] Hollanderena, ildo bera segitzen dute, unibertsitatea liberalizatzen». Ez du zalantzarik Apalategik. Bi unibertsitate ereduren arteko talka gertatzen ari da, eta horren erdian daude euskal ikasketak.

Berezko unibertsitatea

Eredu publikoa defenditzen ari direla dio Apalategik. Pozteko eta kezkatzeko arrazoiak dituzte. «Egoera horretan, berezko unibertsitatearen aldarrikapena urruti gelditzen da errealitatetik, batez ere lurralde elkargoaren aldarria ehortzi ondoren. Urrundu da ikuspegi hori, eta egungo eztabaida klasikoagoa da: ezker-eskuin, unibertsitatearen demokratizazioa… Bertze eztabaida abstraktuegia da gaur egun».

Euskal ikasketak adar txiki bat dira unibertsitate handien oihanean. Unibertsitateak ageri dira sailkapenetan. Shanghaiko sailkapen irizpideak, adibidez, erabat mundu anglofonoari lotuta daude. Sailkapen horretan ageri da unibertsitateen tamaina, alegia, zenbat ikasle dituzten. Tamainak, ordea, ez du bermatzen unibertsitatea egoki antolatzea. Irizpide kuantitatiboak ez badu zentzurik, kualitatiboak ere ez, Apalategik dioenez. Nobel sarien adibidea aipatu du hori argitzeko. «Denek dakigu Nobel sariak erosten direla nolabait. Baliabide handiak dituzten unibertsitateek erakartzen dituzte, beken bidez, maila onena duten ikasleak, biharko balizko Nobel sariak». Sailkapenak indartsuari indar handiagoa ematen dio, txikiak ahulago bihurtuz. «Borroka neoliberal salbaia da, ez du beste izenik».

Argitalpenak dira sailkapeneko bertze irizpide bat, eta horretan ere ikuspegi anglofonoa nagusitzen da. Ingelesez argitaratzeak puntu gehiago ematen ditu, eta frantses unibertsitateen tradizioa joera horretan «urtu» egiten dela uste du. Horren kontrako erreakzioak bat egiten du, nagusiki, eredu publikoaren ikuspegiarekin. «Tradizio faltagatik edo, Espainiako Estatuan ez dago horrelako mugimendurik, ezberdina da». Euskal ikasketak, berriz, txikiegiak dira lehia horretan sartzeko. Sartzekotan, Frantziako unibertsitateen logikarekin sartu beharko lukete, gainera.

«Shanghairen irizpideen arabera, kaltetua ez da bakarrik anglofonoa ez dena, baizik eta giza zientziak, humanitateak. Alegia, ekonomiari lotuta dauden zientziak hobesten ditu, ikuspegi neoliberaletik. Humanitateak traba dira, ez dute, ustez, barne produktu gordina altxatzen, eta ez dute deus balio». Unibertsitatea ekonomiaren zerbitzura dagoen tresna bihurtzea dago jokoan, multinazionalen zerbitzura egongo den formakuntza zentro bat, edo estatuaren zerbitzura dagoen zientifiko ekoizlea bihurtzea. Apalategiren iritziz, hautua da, eredu humanistari jarraikiz, gizartea aitzinarazteko tresna eskuzabal eta demokratikoa bermatzea.

Euskal Herriko unibertsitateen arteko harremanak eraikitzen ari direla ere jakinarazi du Apalategik. Doktoretzetan tutoretza partekatuak dituzte orain. Erran nahi baitu, doktoregaiak bi zuzendarirekin prestatzen duela tesia, bat Euskal Herriko Unibertsitatekoa izanik. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin ere badituzte loturak. Erasmus egitasmoaren barruan ikasleak trukatzen dituztela azaldu du